Maroñoko urtegiaren ingurua egokitzeko lanak amaitutzat eman ditu aldundiak. Urtegiaren inguruan bide berde berria eraiki dute, eta begiratokia zein Letobarri parkera sartzeko bidea atondu dituzte.
Diputazioak ohar batean azaldu duenez, Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Planaren parte dira lan horiek, eta Jaurlaritzarekin batera finantzatutakoak dira.
Batetik, zaborra jaso dute, eta "saneamendu tratamendua" egin dute, "sastrakak kenduz". Landaredia eta bertako zuhaixkak landatu dituzte, eta hesi bat jarri dute. Begiratokian eta pasabidean, besteak beste, zorua garbitu eta baranda bat jarri dute. Lanek 241.694 euroko inbertsioa ekarri dutela esan du aldundiak.
Amaia Barredo Ingurumen foru diputatuaren esanetan, horrekin "hobekuntza garrantzitsuak" lortu dituzte, "elementu baliotsu berriak gehituz", eta ingurune horrek Aiaraldeko atsedenleku gisa duen "erakargarritasuna areagotu" dute. Barredoren hitzetan, Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren oinarrian dago baliabide naturalen "erabilera arrazionala" zaintzea, ingurumena "defendatu eta lehengoratzeko".