Izarrak hartuko du aurtengo Harrikada techno jaialdia

Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 14:47

Ozetako Sorgingunean egin zuten lehenengo Harrikada festibala. Argazkia: Harrikada

Uztailaren 26, 27 eta 28an ospatuko den jaialdirako lehen artistak aurkeztu dituzte.

Ozetan ospatu ostean, Izarrak hartuko du lehendabiziko aldiz aurten Harrikada festibala. Uztailaren 26, 27 eta 28an techno doinuz beteko da herria, besteak beste, Nastia eta Taucetiren eskutik. "Aniztasunaren eta doinu berrien aldeko festara" batzeko deia egin dute antolatzaileek.

2018an ospatu zen Harrikadaren lehen edizioa Ozetan, eta esperientzia hartatik abiatuta sortu zen Harrika kolektiboa. Jaialdi formatutik aldendu eta aretoetako dantzalekuetan zentratu da kolektiboa azken urte hauetan eta berriki, apirilean hain zuzen, bi urte bete ditu Gasteizko Jimmy Jazz aretoan hilabetero egiten duten Harrika ekimenak. Jimmy Jazzen soilik 26 jaialdi antolatu dituzte, beti ere techno musika eta zaintza lanak elkarlotuz; guztira 50 artista baino gehiago gonbidatu dituzte euren jaietara, gehienak emakume DJak. "Harrikak hasieratik egin du apustua emakume eta LGTBIQ+ kolektiboko artistak erdigunean jarriz", azaldu dute antolatzaileek.

Azken bi urteetan, besteak beste, Dasha Rush, Grace Dahl edota Supergloss bezalako artisten saioak entzuteko aukera izan dute jaietara gerturatu direnek, eta Berlinen aitzindaria den Gegen edota Madrilgo gauak irauli dituen Skin kolektiboak ere izan dira bertan. Jimmy Jazzetik harago, gainera, azken hilabeteetan kolektiboaren dinamika berriak antolatu ditu, hala nola, Arrasateko Gaztetxean ospatu zuten Herrika jaialdia edota Madrileko Fernweh kolektiboarekin batera antolatu dituzten showcase-ak.

Harrikada Festibala

Orain, ordea, proiekturik anbiziotsuena aurkeztu dute: Harrikada Festibala. Hiru egunetan zehar bertako zein nazioarteko DJ eta ekoizle ezberdinen saioak entzuteko aukera izango da festibalerako muntatuko duten jai eremuan. Techno musika, zaintza eta landa eremua lotzeko asmoz antolatu dute proiektu hau. "Azken urteetan Euskal Herrian egon den musika iraultzaren zati bat izan nahi du Harrika kolektiboak, euskaraz eta Araban ekoitzitako proiektua, apustu berritzailea eginez, eta beti ere zaintza erdigunean jarriz". Elkarren arteko zaintza, ingurumenaren zaintza, kolektiboaren baloreak lehentsiz eta azken aldiko makrofestibalen aurkako festibala izan nahi du, "boluntarioek osatzen duten kalitatezko festibal underground eta antikomertziala".

Eta dagoeneko aurtengo edizioan izango dituzten lehen artistak aurkeztu dituzte. Harrikada festibalak apustua egin du egungo euskal technoa jorratzen duten kolektibo ezberdinen erakusleiho izateko, eta horregatik ez dira faltako EMA, Apetak, Mixthetika, Redlux edota Frenetik bezalako kolektiboetako aurpegi ezagunak. Era berean, ez dira faltako azken aldian zeresana eman duten zuzeneko saio bereziak, tartean Griseseko taldekide den Alejo Orbegozok sortu duen bakarkako Ke Lepo proposamena.

Nazioarteari dagokionez, Harrikadak ekitaldi honen gidari izango diren bi izen aurkeztu ditu: Nastia eta Tauceti. "Tauceti artista frantziarra ezaguna da ambient eta techno doinu ilunak nahasteko duen trebeziagatik, eta azken aldian ohikoa da bere izena Europako aretorik ospetsuenen karteletan. Bestalde, Nastia beharbada Ukrainiako techno artistarik ezagunena dela esan dezakegu. 2005an bere debuta egin zuenetik ez du atseden hartzeko denborarik izan". Nastia eta Taucetirekin batera, laster gainontzeko artistak aurkeztuko dituzte.

Sarrerak dagoeneko salgai dira  www.harrikada-festibala.com webgunean, hasierako salmenta prezio bereziekin. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide