Mugartegi-Merino eta Erkiaga-Del Rio bikoteak nagusitu dira Araba Euskaraz Jai Alai Master Series txapelketaren lehen edizioan

Azken hilabeteetako izar nagusiak dira Gasteizen ere garaipena erdietsi duten puntistak. Emakumezkoen finalean, Erika Mugartegik eta Naroa Merinok mendean hartu dituzte Maite Ortiz de Mendibil eta Arai Lejardi hiru jokotan (15-14, 11-15 eta 5-2). Gizonezkoenean, Aritz Erkiaga eta Julen del Rio bi jokotan (15-10 eta 15-11) gailendu zaizkie Xabier Barandikari eta Unai Lekerikari.

Bi izen propio ari dira nabarmentzen azken hilabeteotan zesta-puntan. Erika Mugartegi emakumeetan eta Aritz Erkiaga gizonezkoetan. Biak zetozen Donibane Lohitzunen Cesta All Star-a irabaztetik eta Gasteizen ere biak izan ditugu txapeldun, oraingoan, Naroa Merino tolosarra eta Julen Del Rio Gasteiztarra lagun hartuta.

Zesta-puntan, gainerako kiroletan bezala, jokoaren eraginkortasuna da azken finean balio duena, eta garaipenak ematen dituena. Goi mailan, akatsak garesti ordaintzen dira eta segurtasuna saritu. Erika Mugartegi bikain egokitu da Gasteizko Olabe pilotalekura eta bere segurtasun eta erregulartasun horrek, Merino tolosarraren laguntzarekin, garaipenera eraman du. Maite Ortiz de Mendibil pilotari ikusgarria da, estetikoki elegantea eta beste horrenbeste Arai Lejardi ere. Hala ere, aurkariek baina huts gehiago egin dituzte. Erremate batzuk behartuta egin ditu Maitek eta errebote batzuk ere motz geratu zaizkio. 15-14 eta 11-15 egin ondoren, hirugarren setera joan da finala eta azken tantu horietan, Arai Lejardi izan da publikoa zutik eta txaloka jarri duena, ikaragarrizko pilotak sartu baititu. Edozelan ere, Erika eta Naroarentzat izan da azkenean garaipena, 5-2.

Gizonezkoetan, final polita ikusi dugu. Erkiagari ez zaio bezperako nekea igarri eta momentu honetan zein mailatan dagoen erakutsi du beste behin bizkaitarrak. Erritmo ona markatu du eta Del Riok ondo lagunduta, lehen seta eroso irabazi dute. Bigarren jokoan 5-6 tantuko abantaila hartu dute Barandikak eta Lekerikak baina Aritzek ahal izan duenean pilota aldatu du eta hor aldatu da partidua. Barandika, bere berragerpeneko bigarren partiduan, ondo aritu da baina sakean izan du arazo nagusia eta hortik etorri da bere "kondena". Erkiagari sakea kentzea kosta egin zaio, eta Ispasterkoak, sakera sartutakoan, tantoa bukatu du.

Erkiagak hamazazpigarren garaipena eskuratu du jarraian baina hala ere, ez dago garaipenez "aseta". Irabazten jarraitzeko gosea ari da erakusten. Badirudi, neurri batean, bere marka ezarri nahi duela, gero norbaitek, noizbait, gaindi dezan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide