Lehen jardunaldi feministak antolatu ditu Laudioko Udalak

Erredakzioa 2024ko api. 24a, 11:57
Gaur aurkeztu dituzte Laudioko lehen jardunaldi feministak. Argazkia: LAUDIOKO UDALA

Zikloa maiatzaren 14tik 25era egingo da, eta hainbat gai jorratuko ditu; autodefentsa, sexualitatea, aniztasuna, hezkidetza eta zaintza.

Lehen jardunaldi feministak antolatu ditu Laudioko Udalak Zukutu feminismoa lelopean, maiatzaren 14tik 25era bitartean. "Zikloak feminismoa mugimendu inklusibo eta transbertsal gisa aurkeztu nahi du; oztopoak gaindituz eta ekitatea, berdintasuna eta askatasunean oinarritutako etorkizun distiratsua eratuz pertsona guztientzat", adierazi du Nagore Gomara Gobernantza Feministako Zerbitzuko zinegotziak.

Maiatzaren 14an hasiko dira jardunaldiak, Maitena Monroy genero indarkerian aditua den fisioterapeutak aurkeztuko duen Autodefensa feminista, más allá de aprender a decir no  liburuarekin. Saioa 18:30ean izango da, Lezeaga aretoan (Lamuza 17), Laudioko jabekuntza eskolan. Zikloak hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, Llámalo X antzezlan eta solasaldiarekin jarraituko du. Ikuskizunak emakumeen nahia taulen gainean jarriko du, orgiak desmitifikatzeko. Antzezlana 12 urtetik gorakoentzat izango da eta Kasinoan egingo da, 18:30ean.

Ikasleentzako lantegiak

Maiatzaren 16an eta 17an, Laudioko ikastetxeetako ikasleek tailer bat izango dute Pitu Aparicio gizarte hezitzailearekin, sexualitatea, generoa eta hezkidetza lantzeko. "Gure gazteek tabuak haustea eta gai horien inguruko mito errotuak desmuntatzea da helburua. Anatomiari, desioari, plazerari eta maitasun erromantikoari buruz aritzeko denbora ere izango dute", azaldu du zinegotziak.

Ostiralean berriz, 18:30etik aurrera, Lezeaga aretoan (Lamuza 17), Kaitin Allende kazetariaren eta komediantearen eta Elisa Coll idazlearen eta aktibista bisexualaren arteko solasaldia egingo da. Artistaren azken lanari helduko diote: Resistencia Bisexual.

Zinema, zaintza tailerra eta tokiko antzerki feminista

Zinea ere presente egongo da jardunaldi feministen lehen edizio honetan Transfariana filmarekin, larunbatean, maiatzaren 18an, eta Zinegoak zikloaren film laburrekin, maiatzaren 25ean. Filma La Milagrosa ikastetxean proiektatuko da 19:00etan; eta film laburrak Lezeaga aretoan ikusgai egongo dira, 18:30etik aurrera.

Maiatzaren 22an, berriz, Laudioko jabekuntza eskolan "zainketaren artea zahartzaroan" tailerra izango da, 18:30ean, Irati Mogollon ikertzaile feminista eta soziologian doktorearen eskutik.

Arte eszenikoak jardunaldi feministetan indarra jarraituko du izaten maiatzaren 24an, ostiralean. Izan ere, Laudioko emakumeek Laia Laudio programako antzerki tailerretan prestatu duten Ni una menos, ni uno más (ni más ni menos) lana aurkeztuko dute. Saioa 18:30ean izango da, Kasinoan.

Jardunaldi feministak maiatzaren 28an amaituko dira Las etiquetas LGTBI+, ¿limitan o liberan? mahai inguruarekin. Saioan, sexualitatea eta askatasunari buruz sakonduko dute Diana Ibargutxi psikologo eta sexologo laudioarrak zuzenduta. Hizlariak Bea Sever sexologoa, kazetaria eta Naizen Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko bozeramailea; June Fernandez kazetari eta ekintzaile feminista; eta Andrea Momoitio kazetari, lesbiana eta feminista izango dira.

Jarduera guztiek, herritarrentzat irekiak, sarrera librea izango dute lekua bete arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide