2024ko San Prudentzio eta Estibalizko Andre Maria jaien atarikoak martxan daude jada. Asteburuan egin dituzte lehen ekimenak.
Gastronomia lehiaketek eman diete hasiera larunbat goizeko ospakizunei. Lurraldeko janari tipikoak eskaini dituzte, Arabako Errioxako ardoaz txistorra pintxoez lagunduta. Ondoren, Arabako kuadrillen erakusketa egin dute: zortzi eskualdeetako produktu, eskaintza turistikoa, ibilbideak, gastronomia eta abarrekoak jendearen esku jarri dituzte. Modu berean, Eguzkilore dantza taldeak eta Arabako Dantzarien Biltzarrak egindako ikuskizunak eskaini dituzte.
Probintzia plazatik fanfarreak atera dira, plazarik plaza kalejira eginez. Kilkir, Ezberdinak, Sutan Txaranga, Akelarre, Aramangelu, Biotzatarrak, Indarra, Izenbarekuak eta Kirrinkak izan dira hirian zehar. Arratsaldean dantzek segida izan dute, Jare Dantza Taldeak emandako Euskal jaietan barrena erakustaldiarekin. Modu berean, hainbat kirol txapelketa egin dituzte.
Gaua iritsita, La Glo konpainiaren Site especific danza vertical ikuskizuna eman dute. Egunari amaiera emateko Rosa Mari DJaren musika izan dute gasteiztarrek eta bisitariek, Blusen eta Nesken Federazioak antolatuta.
Ohi bezala, Armentiako Administrazio Batzarrak ere lehen ekimenak antolatu ditu San Prudentzio aurreko egun hauetan, auzokideen arteko karta txapelketarekin.
Bestetik, igandean, Estibalizerako igoera tradizionala egin dute, eguraldia lagun izan dutela.