Paperezko bizitzek aitortza jaso dute

Erredakzioa 2024ko api. 24a, 15:42
Gasteizko Eva Fores Liburutopian jaso dute saria hiru egileek. Argazkia: AEK

Philip Barendrecht, Esteban Martin eta Sara Aranburu izan dira Korrikak antolatutako lehen kontakizun lehiaketaren irabazleak.

Korrikarekin batera antolatutako Paperezko Bizitzak kontakizun lehiaketan saritutako lanak ezagutzera eman ditu AEK-k. 

Bi lanek lortu dute saria, ex aequo. Sara Aranbururen Basa mortu, arrotza abortu eta Philip Barendrechtek eta Esteban Martinek batera idatzitako Ate automatikoak izenekoa. Gasteizen eman dituzte sariak, Eva Forest Liburutopian, eta hiru egileek ipuin eta oroigarri bana eraman dute.

Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, lehiaketaren helburuetako bat izan da "gogor salatzea" euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi; modu berean, "egoera administratibo irregularrean" dauden pertsonak "ikusarazi" nahi izan dituzte. 

Aitziber Balantzategi AEKren artezkaritza taldeko kideak aldarrikatu du euskalduntzea "edozeinentzat doako zerbitzua" izan behar dela. Modu berean, lehiaketaren filosofiari jarraiki, "egoera irregularrean dauden pertsona horiek eta haien bizipenak ere" ikusarazi nahi izan dituztela adierazi du.

Ane Elordik, bere aldetik, euskararen komunitatea goraipatu du. "Komunitate hori zabaltzeko, indartzeko, ezinbesteko zaigu gugana heltzen diren horiek besoak zabalik har ditzagun", argudiatu du.

Epaimahaiaren izenean, Amaia Irureta irakasleak nabarmendu du Aranbururen testua "oso ondo landuta" dagoela; "egileak hitz-joko asko eta askotarikoak erabili ditu bere mezua irakurleari helarazteko".

Barendrechtek eta Martinek elkarlanean landutakoan, berriz, "irudi indartsuak" sortzeko gaitasuna azpimarratu du Iruretak. Orotara, 60 kontakizun jaso dituzte lehiaketan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide