Haurren artean buru osasunaren zaintza bultzatzeko Osasun hitzak izeneko liburua idatzi eta ilustratu dute Gasteizko ikastetxeetako 635 neska-mutilek.
Gasteizko Udalak zazpi ikastetxerekin antolatutako tailer baten emaitza da orain aurkeztutako liburua. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleek ondu dute. Zehazki, Abendaño, Armentia, Barrutia, Hogar San Jose, Judimendi, Odon Apraiz eta San Inazio ikastetxeetako ikasleak izan dira egitasmoan parte hartu dutenak.
Udalak argitu duenez, hiriko haurren eta nerabeen egoerari buruzko azterlan batetik abiatu zen proiektua. Azterlan horrek "buru osasuneko arazoak dituzten neska-mutilen eta nerabeen ehuneko handia" detektatu zuen.
Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziaren hitzetan, helburuetako bat izan da "haurren buru osasunerako ohitura onak sustatzea". Modu berean, "irakurzaletasuna eta sormena" bultzatu nahi izan dituzte ere. "Haurrek pertsonaiak eta istorioak asmatu dituzte beren buru osasunerako hain garrantzitsuak diren alderdiak lantzen ari zirela, hala nola emozioen identifikazioa eta kudeaketa, entzutea, adieraztea, negoziatzeko eta adosteko trebetasunak eta abar", azaldu du zinegotziak.