Tuvisaren kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Nagusiak greba eskubidea urratzeagatik

Erredakzioa 2024ko api. 24a, 13:25
Tuvisako langileen mobilizazioa aurtengo otsailean. / Argazkia: ALEA

Gasteizko epaitegiak hartutako erabakia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak; 60.000 euro ordaindu beharko dizkie garraio enpresak langileei.

Tuvisako langileek 2021ko apirilean deitutako greban "greba eskubidea urratu" zela salatu zuten, eta epaitegietara jo zuen ELAk. Enpresak zegokien soldata deskontua egin zien grebalariei, baina ondoren lan-egun hori berreskuratzera edo orduak konpentsatzera behartu zituen langileak. Gasteizko epaitegiak "eskubide urraketa" gertatu zela ondorioztatu eta 427 langileri 60.000 euroko kalte ordaina ordaintzera kondenatu zuen garraio enpresa publikoa.

Gasteizko Udalak epaia errekurritu ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du sententzia.

Aldarrikapenekin aurrera egitea

Azken urteetako eskaera horiei jarraipena emanez, otsailean greba abiatu zuten Tuvisako langileek berriz ere; besteak beste, lanpostuak bermatzea eta gehiago sortzea, pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko izatea, linea batzuen berrantolaketa eta langileen osasuna eta lanaldia errespetatzeko neurriak ezartzea aldarrikatu zuten azken greba deialdian.

Zenbait egunetako mobilizazioen ostean, eta greba mugagabea berresteko babes nahikorik gabe, enpresa batzordeak "aurrerapauso esanguratsuak" eman zirela onartu eta akordioa lortu zuen zuzendaritzarekin. Lortutako akordioen artean, hamabi kontratu mugagabe egitea eta hamabost autobus berri erosteko konpromisoa adostu ziren; hasiera batetik eskatzen zen langileen "fitxaketa sistema" berriz ez zen %100ean ixtea lotu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide