Hiru parke fotovoltaiko gehiago eraiki nahi ditu Solariak Araban

Erredakzioa 2024ko mai. 3a, 11:22

Ekian parke fotovoltaikoa, Ribabellosan. PHOT.OK

104 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi dute; eta 373 hektarea okupatuko lituzkete, 310.000 plaka fotovoltaiko baino gehiago instalatzeko.

Solaria Eguzki Sorkuntza konpainia madrildarrak beste hiru eguzki-parke jartzeko asmoa du Araban, Zierbenara (Bizkaia) energia eramateko. 104 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du enpresak parke fotovoltaikoak, azpiestazio elektrikoak eta ebakuazio elektrikoko lineak eraikitzeko. 373 hektarea lur okupatuko lituzkete, 310.000 plaka fotovoltaiko baino gehiago instalatzeko.

EAEko Aldizkari Ofizialak ostegunean argitaratu du Solaria Zierbena Solar 2, Solaria Zierbena Solar 3 eta Solaria Zierbena Solar 4 izeneko hiru parkeen aurretiazko baimen administratiboaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaeren jendaurreko informazio prozeduraren hasiera. Horietako bakoitzean, aurreikusitako potentzia 49,8 MWkoa da; proiektu bakoitzak 103.432 eguzki-plaka izango ditu; eta ehun hektareatik gora okupatuko ditu parke bakoitzak.

Solaria Zierbena Solar 2 parke fotovoltaikoa Erriberabeitin kokatuko dute; bi aspiestazio elektriko izango ditu Araban, Erriberabeitin eta Zuian; eta sare elektrikoa Zierbenarekin lotzeko, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Iruña Oka, Gasteiz, Zuia, Urkabustaiz, Amurrio, Aiara eta Okondo udalerrietan lurrak okupatuko ditu.

Solaria Zierbena Solar 3 Zigoitian kokatuko dute; Gopegin jarriko dute aspiestazio elektrikoa, eta Zierbenarekin lotzeko Zuiako eta Zigoitiko lurrak okupatuko ditu.

Solaria Zierbena Solar 4 Gasteiz eta Iruña Oka artean eraiki nahi dute; Martiodan kokatuko dute aspiestazio elektrikoa, eta sare elektrikoa zabaltzeko Gasteizko eta Iruña Okako nekazaritza lurrak okupatuko dituzte.

Hau ez da Solariak herrialdean martxan duen proiektu bakarra. Joan den urtean, Solaria Eguzki Sorkuntza elkartea sortu zuen konpainiak, Arabako Parke Teknologikoan kokatuta; eta urtarrilean, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) batera, Indarberri S.L. sozietatea sortu zuten, Gasteiz, Arratzua-Ubarrundia, eta Burgu artean Vitoria 1 eta Vitoria 2 parke fotovoltaikoak eraikitzeko. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide