lan istripuak

Prebentzioaren "porrota" salatu dute sindikatuek

Erredakzioa 2024ko api. 25a, 15:50
Pankarta erraldoia eskegi dute sindikatuek prebentzioa aldarrikatzeko. Argazkia: INTERSINDIKALA

Mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, eta Hiru sindikatuek deituta.

Apirilaren 28ko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren atarian, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT (Nafarroan) sindikatuek osatzen duten intersindikalak "langileen osasuna jokoan jartzen duen prekarietatea" salatu du; eta lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea "premiazkoa" dela aldarrikatu dute sindikatuek. Gasteizen, Foru Plazaren eraikin batean eskegi dute pankarta erraldoia, "altueratik erorita gertatzen diren lan istripuetan patronalak dituen ardurak salatzeko".

Euskal Herrian azken urteetan istripuetan patroi bera errepikatu dela nabarmendu dute: "milaka lan istripu arin zein larri aitortzen dituzte datu ofizialek, goranzko joera batekin gainera. Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri".

Gainera, istripuen datu ezkutaezin horiek sistemaren beraren "iruzurra" agerian uzten dutela adierazi dute sindikatuek. "Lehen instantzian mutualitateen esku dagoen laneko gaitzen aitortzea guztiz testimoniala da. Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen".

Milaka lan istripu aitortzen ditu administrazioak, prebentzio sistemaren "porrotaren" erakusle sindikatuen hitzetan. Hala ere, aitortuak direla diote, ezin direlako ezkutatu. Aldiz, laneko gaitzak ez dituela aitortzen salatu dute, eta, sistematikoki, Osasunbideara eta Osakidetzara bideratuak direla esan dute. "Sistemak berak laneko gaitz asko eragiten ditu, eta, era berean, istripuak ere eragiten ditu. Aldiz, mutualitateen bidez, hala aitortuak izan ez daitezen lortzen dute. Horra hor beren amarrua".

Aurten ere datu "beldurgarriak" gailentzen ari dira: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 hildako izan dira soilik lan istripuetan.

"Prebentzio sistemak porrot egin du patronalak araudia bete gabe 30 urte daramatzalako", berretsi dute sindikatuek, eta prebentzio araudia gutxien betetzen den araudia dela esan dute. "Hori hala izan dadin gakoa da administrazioak eta gobernuek, patronalarekiko erakusten duten konplizitatea eta bitartekorik ez jartzea arauak bete daitezen bermatzeko". Haien ustez, horrela soilik uler daiteke Hego Euskal Herrian 62 inspektore baino ez egotea, Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan 50 eta Nafarroan 12.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide