Lurrak landu ahalko dira VIAP gauzatzen ez den bitartean

Erredakzioa 2024ko mai. 7a, 09:06

Foronda aireportuaren industrialdea garatzeke dago. ALEA

Forondako aireportuaren industrialdearen inguruan, mozio bat adostu du EH Bilduk EAJrekin eta PSErekin, Sprilurren eta herrien arteko negoziazioa arintzeko.

Forondako aireportuaren industrialdea (VIAP) eraikitzeko proiektua gauzatzen ez den bitartean, Estarroako eta Gereñako nekazariek lurrak landatu ahalko dituzte. Eskaera hori egin diote Arabako Batzar Nagusiek aldundiari; eta modu berean, eskatu diote bitartekari izan dadila Sprilurren eta Estarroa eta Gereñako Administrazio Batzarren arteko negoziazioan.

EH Bilduk aurkeztu du ekimena, eta EAJrekin eta PSErekin adostu ondoren aurrera atera da, PPren aldeko bozkekin eta Elkarrekin Araba taldearen abstentzioarekin.

EH Bilduk azaldu duenez, gaur egun lursail horien jabea Sprilur da. VIAP eraikitzen duten bitartean, laborantzarekin jarraitzeko asmoz, negoziazio bat ireki zen Araba Garapen Agentziaren eta Estarroako eta Gereñako administrazio batzarren artean. Alta, herriek uko egin diote Sprilurrek aurkeztutako akordioa sinatzeari, VIAPen garapenarekin lotutako neurriak errekurritzeari uko egitea eskatzen zitzaielako; eta administrazio batzarrek beren eskubideentzat kaltegarritzat jotzen zuten eskaera hori.

Mozioan, Arabako Batzar Nagusiek Sprilurri eskatu diote Estarroarekin eta Gereñarekin akordio bat lortzea eragotzi duen klausula baldintzatzaile hori ezabatzeko; eta lursail horiek landatzen jarraitzea ahalbidetzen duen akordioa sinatzeko. Halaber, Arabako Batzar Nagusiek babesa ematen diote VIAP garatzeari, "lurraldearen dibertsifikazio ekonomiko eta industriala bultzatzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide