Giza Eskubideak errespetatzen ez dituen "arropa zikina" ez saltzeko eskatu diete marka handiei

Erabiltzailearen aurpegia SETEM Hego Haizea 2024ko api. 25a, 13:52

Rana Plazako tragediaren 11. urteurrenean, kale ekintza bateratua egin dute Gasteizen eta beste hainbat hiritan, ehungintzako langileak babesteko Nazioarteko Akordioa sina dezatela eskatzeko

SETEM Hego Haizeak, Arropa Garbia Kanpainaren barruan, kale ekintza bat egin du asteazken arratsaldean Gasteizko hiriguneko Decathlon, Cortefiel eta Women'secret dendetan. Bertan, erreklamazio-orri ugari helarazi dizkie marka horiei, Ehungintza eta Jantzigintza Industriako Osasunerako eta Segurtasunerako Nazioarteko Akordioa sina dezaten eskatzeko.

Arabako hiriburuan ez ezik, Iruñean, Bartzelonan, Granadan eta Madrilen ere egindako ekintza bateratua izan da, Bangladeshko Rana Plaza eraikineko tragediaren 11. urteurrenean; 2013ko apirilaren 24an, 1.138 pertsona hil ziren bertan.

 

Dozenaka lagunek parte hartu dute bost hiri horietan antolatutako protestetan. Salatu dutenez, Decathlon enpresak eta Espainiako Tendam taldeak (Cortefiel, Women'secret, Springfield, Pedro del Hierro) ez dute Nazioarteko Akordioa sinatu, dagoeneko mundu osoko 200 konpainiak baino gehiagok sinatu duten arren.

Protesta horren bidez, Arropa Garbia Kanpainak herritarrak animatu nahi ditu marka horiei erreklamazio-orriak, kexak edo iradokizunak helaraztera, bai eta jantziak itzultzera ere, marka horiek "arropa zikina" saltzen dutela argudiatuz; izan ere, "beren ekoizpen-katean ez dituzte ehungintzako langileen giza eskubideak bermatzen, ezta haien babesa ere".

 

"Kontsumitzaile gisa dugun eskubidea baliatu nahi dugu, ez baitugu erosi nahi fabriketan gutxieneko segurtasun baldintzekin fabrikatu dela ziurtatzen ez duen arroparik. Markei Nazioarteko Akordioa sina dezatela eskatzen diegu", adierazi du Iratxe Arteagoitia SETEM Hego Haizea GGKEko zuzendariak, General Alava kaleko Decathloneko atarian.

Halaber, salaketa kanpaina sare sozialetara ere zabalduko da. Arropa Garbia Kanpainari buruzko informazio guztia, oro har, eta, bereziki, Decathlon eta Tendam taldeari egindako erreklamazio-kanpainari buruzkoa, www.ropalimpia.org webgunean eta sare sozialetan dago eskuragarri.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide