arabako jaiak

Festa usaina igartzen da

Erredakzioa 2024ko api. 25a, 06:00
Euria eta hotsa iragarri dituzte San Prudentzio egunerako. Argazkia: PHOT.OK

Asteburu luzea dute aurretik arabarrek. Zubia kanpora joateko aprobetxatu ez dutenek merezitako oparia izango dute Armentian zein Estibalizen antolatu diren dozenaka ekitaldiekin. 

Arabako jaien askotariko egitarauek ekitaldiz beteko dute herrialdea, maiatzaren 1era arte. Dulantziko danborradak eta Gasteizen egin diren Fanfarre Egunak eta Gastronomia Lehiaketak ireki dute San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Mariaren jaien programa.

Kilkir, Ezberdinak, Sutan Txaranga, Akelarre, Aramangelu, Biotzatarrak, Indarra, Izenbarekuak eta Kirrinkak fanfarreek musikaz bete dute hiria hilaren 20an. Gainera. Arabako Jaien atarikoetan, Jose Antonio Zabalza gogoan izan dute, eta Ezberdinak fanfarrearen omenaldia jaso du iazko Andre Maria Zuriaren jaietan hil zen kulturgileak. Gasteizko Udal Dantza Akademiaren bultzatzailea eta Gasteizen euskal dantzak sustatzeko hamaika lan egindakoa da Zabalza. Txirinbil bezalako taldeen aitzindaria izan zen, eta beste talde batzuk ere bultzatu zituen; Adurtza, Corazonistas edo Manuel Iradier tartean. Kulturgintzan egindako lanagatik, halaber, Urrezko Zeledon izendatu zuten 2020an.

Asteburuari begira, apirilaren 27ko erretretak tradizioa eta berrikuntza uztartuko ditu aurten, joaldi eta joaldi artean, Royal Cloud eta Vitoria City Breakers arte talde urbanoak arituko baitira, La Omegarekin batera. Probintzia plazako ekitaldian entzungo dira ere Kuttune folk taldaren eta Joyfull Gospel Choir taldearen soinuak, eta Dantzaria ikuskizunarekin gozatu ahalko dute bertaratutakoek. Elkarte gastronomikoen danborrada nagusia 23:30ean hasiko da.

Hilaren 28an, San Prudentziorekin batera, Armentiako zelaietan egun osoko egitaraua prest dago ohiko hitzorduekin: prozesioa, elizkizunak, dantzarien emanaldiak, haurrentzako jolasgunea, txarangak eta herri kirolak. Arratsaldean, berriz, Danborrada Txikiak alaituko ditu hiriko kale nagusiak.

Maiatzaren 1ean, Estibalizko erromeriarekin batera, Kalte Ordainen 5. Azoka egingo dute, Erdi Aroko Araba elkartearen eskutik. Gainera, egun osoan zehar, umeentzako lantegiak eta ikuskizunak egongo dira. Halaber, XXXI. Arabako Aurresku eta Dantza Solteko Txapelketa izango da, 12:30etik aurrera, Estibalizko erabilera anitzeko aretoan. Hamar bikote izango dira dantza solteko lehiaketan, eta bost dantzari aurresku txapelketan.

Gasteizen ez ezik, Oionen, Laudion, Amurrion, Aiaran eta Guardian ere bertako udalek zein elkarteek San Prudentzioko jaiak asteburuan ospatzeko egitarau zabalak prestatu dituzte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide